Goierri Eskola 50 urte

50 urte. Mende erdia darama Goierri Eskolak bailarako langileen formazioaren arduradun nagusi izaten. Eta mende erdia ospatzeko bideo berezia nahi zuten. Eskola izan dena, eta gaur egun dena erakutsi nahi zen bideoan, nazioartean erreferente izatera zerk eraman dituen azpimarratu nahi zen, baina beste ezeren gainetik, Goierriko nortasunaren elementu oso garrantzitsua zela ere kontatu nahi zen. Kontakizun berezia behar zen hori guztia biltzeko. Ez zen bideo korporatibo bat, ez zen ipuin bat kontatzea, nahiak, desioak, errealitatea, ametsak denak bildu behar zituen, eta goierritarra izan behar zuen. Erronka handia, eta oso polita iruditu zitzaigun, eta gu ere amesten jarri ginen. Irudiaren tratamenduak eta kontakizunaren moduak oso berezi egin zuten bideo hau. Emaitzak bati baino gehiagori oilo ipurdia eragin zion, eta denek ikusi zuten Goierri definitzen duten elementu ugari biltzen dituen bideo honek ondo baino hobeto erantzuten ziola finkatutako beharrari.